
Leticia U.S
2014 urtea, uztaila, hemengo uda, hango negua, 5 hilabete, elkartrukea, lagunak, milaka kilometro, esploratu beharreko txoko berriak, kultura, ohitura, berriak. Poza eta ilusioa bizkar gainean, beldur txikiak eta urduritasun kilo bi lagun. Osagai guzti hauez zeuden beteta lehertzear zeuden gure maleta eta motxilak egun hartan. Bidai ahaztezin bat osatzeko osagai nahikoak.
Goizeko 8rak eta bi gradu zero azpitik uztailaren 23an Andeak zeharkatu eta Chileko Santiago hiriko aireportua zapaldu genuenean. Hotza ez zen gure gauzarik gustukoenetakoa, baina ezta oztopo ere. Artilezko jertse goxoak ipini, txapel eta eskularruak eta abenturari ekin genion. Tenperaturak erakusten ez zuen arren, eguzkiak gogor jo zuen egun hartan, baita egonaldi osoan ere, guretzat behintzat.
Zerua gertuago dagoela dirudi han. Hiri bizia da Santiago, batzuetan kaotikoa. Txiletarren gaztelania berezi eta dibertigarria da. Etxe guztietan bada “quincho” (azotea) bat gau izartsuak, “asado” bat jan bitartean ikusteko. Eta atezain jator bat portale bakoitzean. Kalean gurutzatzen den jendeak irribarre egiten du han. Txakurrak dabiltza kale bitarteetan eta nonahi. Egunero bada ospatu beharreko zerbait.
Astiro eta laino artean ilundu beharrean, bat-batean eta zeru garbian iluntzen du han. Zuen ametsak amaitzean agertzen da ilargia han. Dena da “bacan” (ederra).
Chile agurtu baino lehen bota genuen faltan. Geureak urrun izan arren, iritsi bezain pronto sortu genuen gure familia txikia. Nola da posible hango jendea hain gertukoa izan eta segituan hainbesteko berotasuna transmititzea?
Baina esperientzia honek eman badit zerbait, bidai-esperientzia izan da, eta pentsamendua zabaltzeko aukera. Egunero ez da Atacamako desertuko hondarra zapaltzen, Perito Moreno glaziarra barkuz inguratzen, edo Macchu Picchu igotzen. Mundu amaierako faroa ikutzen, edo txakurrek tiratako leretan Patagonia ezagutzen. Chiloeko palafitoak ikusten, edo Valparaisoko artean murgiltzen. Zerrenda amaigabe bat gehituz.
Begirada batek 1000 hitzek baino gehiago balio duela dio esaera zaharrak. Nire abentura hitzez baino, argazkien bidez azalduko dut webgune honetan. Nire unerik goxoenak zuekin partekatu nahi ditut, zuenak bilaka daitezen une batez.
